Ingurunea

Lezoko ibilbide pedagogikoak

Autorea
Eranskinak
Edukiaren laburpena
2002ko udaberrian "Lezok 800" izeneko egitasmoa sortu zen, 2003ko ospakizunak antolatzeko. Aurrikusitako ekitaldien artean, ibilbide pedagogiko batzuk prestatzea egokitu zitzaigun. Ondorioz, herria alde batetik bestera zeharkatzen duten lau ibilbide aukeratu genituen.

Hasierako asmoa, aipatutako ibilbideak herritarrentzat antolatutako lau txangotan gauzatzea zen, eduki guztiak in situ azalduz. Lan horren helburuak honako hauek ziren: Lezoko leku-izenak zabaltzea, iraganean gertatutako pasadizoak ezagutaraztea, bilakaera historikoa gogora ekartzea, ingurune naturala hurbiltzea...

"Lezoko Ibilbide Pedagogikoak" izenburuko txostena 2003ko martxoan amaitu genuen.

Orain, bildutako material hori guztia zabaltzeko asmoz, Lezoko Udalak liburu hau argitaratzea erabaki du, Euskadiko Kutxaren laguntzarekin. Zinez eskertzen dugun ekimena.

Uste dugu liburua egokia izan daitekeela, besteak beste, eskoletako irakasleek txangoak antolatzeko, gurasoek seme--alabei herriko bazterrak erakusteko eta kanpotarrek gure txokoa ezagutzeko.

Ibilbideak diseinatzerakoan, Etnogintzak Lezoko Udalarentzat 1999an egindako "Lezoko Mapa. 1/7.500" lanean oinarritu gara. Dena dela, ez dago zertan ibilbide horiek beti osoki jarraitu, aldaketak egiteko aukera asko baitaude.

Ea liburu honek, akuilu gisa, gure herriko txokoetan murgiltzeko balio dizuen. Bidaia on!
Gaiak